Parabola gardenegia, esan du Lasagabasterrek. Eta egiaz errazegi dakusagu haren atzetik Lauaxetaren itzala, Santoñako presondegian, fusilatuko zuten egunaren bezperan poema bat gazteleraz idazten. Euskal literaturaren pasarterik tragikoena, edo beharbada hobeto, euskal literaturaren tragedia ondoen adierazten duena.
Parabola Daniel Zabalegi kaperan bere despedida idatzi nahian agertzen zaigunekoa da, noski. Gora Euskadi askatuta eta Aberria ala hil bezalako hitzak idatzi nahi lituzkeenean.
“Euskadiren alde ematen dut bizia, eta ez naiz damutzen, beste batzuk etorriko dira atzetik, haiek jarraituko dute.
“Ez adiorik, aberria ala hil”.
Hunkigarriak gertatzen zaizkio buruz ikasiriko hitzok, eta negargura sentitzen du bere kautan esaten dituenean. Ez zaizkio bereak iruditzen, berak asmatuak, kantu eder baten zati direla bururatzen zaio. Lehen sumatzen ez zituen gauzak sentitzeko gaitasun berria nabari du. Ez daki zer den, melodia oso urrun bat bezalakoa, doi sumatu baino egingo ez lukeena, baina musikaren harmonia dariona. Melodia bat dela jakiteko beste. Hori bera sentitzen du biziaren eta heriotzaren zentzuaz. Gehiago jakin nahi lukeela.
Kartzelariak laurak direla dioenean. Altxatu eta mahai aurrean geratzen da, zutik, paper zuriei so. Nola idatzi ez dakien hitz haiek gogoan. “Euskadiren alde ematen dut bizia, etorriko dira atzetik”. Ozenki esateko gogoa. Desira ia eutsiezina sentitzen du, baina lotsa ere bai, ez daki norengatik gehiago, funtzionarioengatik ala kapilauagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario