Txingudiko uretan, eguzkiaren argitasun biziaren poderioz eta hondarrari zerion lurrinaren eraginez dardaratia zen ur hartan, kolore berde eta okreak zipriztinduz hondoratzen zen paisaia. Hari so zegoen erdi ametsetan, hego-haizeak dozena bat folio laurden gutxienez eskutik kendu eta mantso eta dotore hegaldarazi zizkionean. Ez zuen harrapatzeko keinurik egin, ordea, hainbat ordutako lana airean galtzen ikusteaz axolagabeturik, mutiko hark “vos feuilles s’envolent, monsieur” esan zion arte.
Orduan, belauniko jarri eta, ardura handirik gabe, fitxak harrapatzen hasi zen, baina ez zuen berririk egingo jada, ezta hitzik idatziko ere, ohar laburren bat eta noizbehinkako bertso kopiatze haiek izan ezik.
Gogoratu beharra dago, ezinbestean, hark parte hartutako azken Idazleen Biltzarrean egin zuen T. S. Meals-en aipua, Idazle Suizida izenburuko idazlanetik jasoa: “Suizida baten testamendu idatziak sintetikoa behar du, hutsik gabea, egileari ezinezkoa izango baitzaio zuzenketak egitea edo ondorengo argibideak azaltzea. Konbintzentea behar du izan, heriotzaren zentzua esplikatzeko adina. Betekizun ezinezkoa, ordea. Hil aurretik munduari heriotzaren zentzua edo zentzugabekeria esplikatzeko kemena lukeen idazle suizidak bizitza osoa emango luke lan horretan, bere burua hiltzeko astirik hartu gabe”. Edo T. S. Eals aipatu zuen. Axola gutxi du, testua ziur asko apokrifoa denez. Iñaki Abaituak, klabe berezi batean bada ere, azken hitz ezinezkoaren gaia agertzen du, Daniel Zabalegi, kaperan, paper zuriaren aurrean, bere testimonioa idatzi nahian deskribatzen digunean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario