Negua zen eta oskarbi zegoenean ibilaldi luzeak egiten zituen Hendaiako hondartzan. Galtzak eta gona ertzak altxatuta oinak bustiz zebiltzan zaharren artean. Eguzki epelak Jaizkibelen gailurra okre bortitzez tindatzen zuenean, aurpegia ematen zion. Burua atzera botaz, begirik itxi gabe, bista galtzen zuen arte egoten zitzaion so, eta zurrunbilo beltz eta urrezko batean murgiltzen zela sentitzen zuen, sukarrak sentsazio hori areagotzen ziolarik, eta oso urrutitik bezala entzuten zituen oinetan lehertzen zitzaizkion uhinen burrunba eta antxeten txilioak, ezkerraldean, Bidasoaren bokaleko isurtegietan hondakin bila zebiltzala, itsasbeheran.
Euria egiten bazuen, gehienetan Pergolako errotondan, pretilean esertzen zen “euria nola ari zuen entzuteko”, Unamunok, handik gehienez bostehunen bat metrora, azaroko arratsalde batean idatzi zuen bezala, lanbro berdinak paisaia bera estaltzen zuelarik. “Ez da uste bezain erraz. Euria entzuten jakitea ez da jakinduria arrunta”. Eta berari ere Truebaren bertsoak zetozkion gogora. “Hainbeste malko irensten duzu Bizkaiko itsaso / non zure uhinek malko uhin diruditen”.
Batzuetan, gogora zetozkion bertsoak idazten zituen —Truebarenak, esate baterako, umetan ikasiak—, patrikan eramateari inoiz utzi ez zion folio laurdenetan, eta eskolako ume kaligrafia txukunez idazten zituen, berea ez zuen letra biribil eta argiz. Noizbehinka fitxaren bat zuzentzen zuen, oharkabean, hiztegi lana utzia zuela konturatu gabe. Berez, hartaz jabetu gabe utzi baitzuen, eta ohartu zenean harriturik geratu zen, miretsirik. Folio laurdenak burdinsarearen kontra, hegoak txori presoen gisan astintzen ikusi zituenean. Irudi hura irreala iruditu zitzaion. Ametsa. Sukarraren eta eguzkiaren eragina nahasian, sukarra baitzuen egun hartan, eta sargori zegoen, negua izan arren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario