Irribarre pikaroa zen J.J. Lasarena. Hortzak gordez eta beheko ezpain distiratsua erakutsiz egiten zuen irribarre. Santiagoko dermatologia eta gaitz benereoen katedratikoaren esana omen zen hura. “Blenorragiaz jakiteko, señorita eder bat hartu, ahal izanez gero ilegorria, marisko jatera gonbidatu, eta ondoren benetako gizon bati dagokion bezala portatu. Zazpi egunen buruan tanta militar eder bat irtengo zaigu pixa egiterakoan”. Zazpi eguneko inkubazioa, beraz, ez zegoen liburuetan begiratu beharrik.
Besaulkian behera irristatu ohi zen, pipa esku artean zuela, eskuak magalean. “Azkenerako, apaizek arrazoia ez ote zuten galdetzen zenion zeure buruari, plazerrak astebeteren buruan zigorra baitzekarren. Uretran zehar kateter bat sartu beharra, bromuro soluzio batekin garbitzeko. Nolako mesedea egin zion penizilinak sexuari”.
Iñaki Abaituak ez zuen penizilinaren mesederik onetsi nahi izan. Interesaturik jarraitu zuen gaixotasunaren garapena, eta, bestalde, ez zion gogoko zuen zernahi egiterik galarazten. Eragozpen handiena hamar egunen buruan agertu zitzaion barrabilen handitzea izan zen, eta zornea, braslip barnean zakila biltzeko zapiak eramatera derrigortu zuena. Sukarrak, berriz, handiegia ez zenez, ausentzi egoera batean edukitzen zuen, apal eta baketsu nolabait ere, eta hori eroso gertatzen zitzaion.
Beti egoera hartan bizi izan balitz gehiago idatziko zukeela iruditzen zitzaion, literatura gehiago egiteko eragozpenik handiena gehiegizko bizitasunari, gauza gehiegitaz interesatzeko joerari egozten baitzion.
No hay comentarios:
Publicar un comentario