Semea heriotzaren esperoan, artean bizirik, baina jadanik hilda egoteko gogoaren mende zegoenean, zergatik izan zen hain laburra azken elkar ikuste hura; ea berak hil nahi izan zuen bakardadean, zerk eraman zuen bera, despedidaren ondoren —egia al zen “orain hobe joango bazina, ama” esan ziola?—, kartzelako atean hain sutsu agertzera.
Bizia Euskadiren alde ematen zuela esan zuenean, bere ahulezia ezkutatu nahian al zebilen.
Bueltako bidean, hilobira inguratu gabe jarraitzen zion, denboraren eraginez —hainbat heriotza gertatu zen geroztik— herriko erdigune bihurtu zutenek ahaztuta, “orain gu guztion ama zara” esaten ziotenen desertzioa bizitzera kondenaturiko emakume hari. Eta etxean sartzen ikusi ondoren ere, esperoan geratzen zen, sukaldeko leihoan —Daniel Zabalegik gau osoa goardia zibilen zain beilan pasatu zuen leiho hartan— argia sumatzen zuen arte, eta gero joan egiten zen. Behin baino gehiagotan, taxian egin zuen Donostiarako bidaia, eskuak izter artean, metrailetak egunkari zimurtuetan ezkutatzen zituzten gizon ilun haien artean joango bailitzan.
Hasieran ez zitzaion kezkagarria iruditu pixa egiterakoan uretran zehar sentitzen zuen hazkura. Egun gutxiren buruan, ordea, batez ere goizetan irteten hasi zitzaion tanta zuri horixkak ez zion tarterik uzten zalantzari. “Tanta militarra”.
J.J. Lasak jakinarazi zion garai batean blenorragiari tanta militarra esaten zitzaiola. “Hobe da zakilaz zuzenean arduratu beharra” esan zuen umoretsu, “transferentzia estrabagante eta bihurrien bitartez baino”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario