Eskuinaldeko auzotar askok hiri kontribuzioa ordaintzen hasi arte ez dute ikasten hori. Ramon Etxezarreta, Urrestillako auzotar eta Azpeitiko zinegotziak jakinarazi zion. Beraz, Joxepa Aranguren, Daniel Zabalegiren amona, jaio berriari zilborrestea ebaki bezain pronto, garbitu gabe artean, eskailerak jaitsi eta kalea gurutzatu zuenean, Beizamatik A-ra joan zen telefonoz deitzera.
Ez zuen asko hitz egin. Gauerdia zen, eguraldi euritsu eta haizetsua, zakarra, eta halaz ere, itzultzerakoan, kale erdian gelditu zen. Inoiz kentzen ez zuen artilezko lepoko beltzari esku batez eutsiz, bestea altxatu omen zien leiho tarteetatik so sumatzen zituenei, entzun nahi zuenak entzuteko moduan hitz egiterakoan. Hitzez hitz zituen gogoan oraintsu hil den telefonikako andreak. “Izena emango diola” esan omen zuen, aipatu bezala kale erdian zutik, “ikusiko diñabe orain zer dan ona, atzetik esameska ibili direnak”.
Hitz horietan bada, noski, aita edonor ez zela adierazteko asmoa.
Iñaki Abaituak ez zuen sekula Maria Zabalegirekin hitz egin. Behin baino gehiagotan jarraitu izan zion etxetik kanposanturako bidean, eta han urrutitik so egon ohi zitzaion, hilobia txukuntzen ikusteko, loreak aldatzen eta, esku-poltsa batetik ateratzen zituen garbigailuak erabiliz, garai batean hain ezaguna egin zen argazkia arreta osoz garbitzen.
Esan bezala, ez zuen bere burua aurkezteko saiorik egin. Bazekien hitz eginez gero ere ez zuela ausardiarik izango gau hartan Burgosko kartzelan gertatutakoa konta ziezaion eskatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario