“Langileen esku ahaltsuak” idatzia zuen, berea lanabesak bezalakoak diren esku erraldoien aldean ahul, ezgai sentitzearen umiliazioaz. Daniel Zabalegi askotan azaltzen du bere esku zabalei so, esku baten hatzez bestea ferekatzen, ferekak beste norbaitenak bailiran sentitu nahian. “Azalaren ildasketan noizbait izan zituen arrasto beltzak desagertu egin zaizkio. Orain esku zuriak dira; gaixo batenak dirudite”. Lokutorioko eszenakoa. “Ikusten?” esaten dio amari, zabalik erakusten dizkiola, “eskribiente eskuak jarri zaizkit”. Eta amak bereak altxatzen ditu sarera, ferekatu nahi balizkio bezala, ukitzera heldu gabe. Berak esan du, beharbada, “eskribiente eskuak jarri zaizkizu”.
Etxeko sukaldean ez zuten gehiago hitz egiten. Ismael hil zenetik batez ere. Ismael hil zenetik etxea hondatuz joan zen, eta baratzea larre bihurtuz: leka, tomate eta piperren makilek kanposantu abandonatu bateko gurutze desarmatuak ziruditen.
Iñaki Abaitua luzaroan egon zen etxe aurrean, euripean, zabaldu ez zuen aterki bat eskuan zuela. Inguruko kantoi guztietan txuletak erretzeko parrilak ageri ziren, beltzak, ikatz koskoen gainean; harrizko mahai eta aulki bustiak, beharbada gaupasa alaien nostalgia gordetzen zutenak.
Ez zuen inor ikusi, Daniel Zabalegirenaren aurreko etxean emakume baten itzal iheskorra izan ezik, telefono publikoaren letrero urdina ageri zen leihoan. Hain zuzen, bi etxeak bereizten eta auzoa erdibitzen duen kaleak banatzen ditu legez A-ko herria eta Beizama.
No hay comentarios:
Publicar un comentario