2011-03-22

392. pasartea

Erretrobisorean kaikuduna ikusi zuen hurbiltzen, eta desagertzen gero. Bazekien albo batetik agertuko zitzaiola, baina ez zeinetatik. Azkarrago idazten ahalegindu zen, letrak taxutzeko astirik gabe, hitzak elkarrekin lotuz, hura ager zedin baino lehenago amaitu nahian, “neskaren esku moreek soinekoaren ertza ahora daramatela, oinetan duen atsoak eragozten dion garrasia ito nahian. ‘Alferrik ditun negarrak orain”. Norbait begira ote dagokion sentsazioa du, baina ez dakusa inor erretrobisorean, eta ez du bururik itzuli nahi. “Hor dabiltza” esan zuen bozgorailuak, “ez kortarik ez fabrikarik ezagutzen ez duten gaztetxo txoro horiek, Donostia eta Bilboko kafetegietan iraultza predikatzen. Iraultza predikatzen”.
Hartxintxar hotsak adierazi zion eskuinaldetik zetorkiola. Ilun zegoen. Azken hitzak apunteak baino ez dira, telegrama baterako bezala, ia itsuki idatziak. “Atsoaren zalaparta. Haurra neskaren besoetan. Soinekoaren puntaz igurzten du, azal bilgortsua garbitu nahian. Behin eta berriz, masailean betondotik ezpain ertzera hedatzen zaion ardo koloreko makula ezabatu nahian”. Kontrako leihatilan zigarro punta ikusi zuen kaikudunaren eskuan zintzilik.
Hatz koskoez kristala jo zuen bi aldiz, aurpegia erakusteko makurtu gabe. Iñaki Abaituak bere aldeko leihatila erdialderaino jaitsi zuen fitxak eta boligrafoa ondoko eserlekuan utzi ondoren. “Memoria” irakurri zuen. “Iz. (1545) 1. G. er. Oroitzapena. 2. G. er. Oroimena “ eta oharkabean bi hitzen ordena aldatu —”oroimena”, “oroitzapena”— eta “oroigarria” erantsi zuen. Kaikudunak autoari leihatila batetik bestera jira emateko adina denbora behar izan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario