Bailaran, kolore berdeak euriaren ondorengo distira ageri du udazkeneko argipean, eta tximiniei ke haria darie, afariaren iragarpen. Zintzarri hotsa konpasatu egin da, mantsoagotu, malenkoniatsuago bilakatu. Ez daki ausentziak zenbat iraun duen. Atseden hartu du minak. Alferrik eutsi nahi izan dion jario likitsa nabari du izterretan zehar, esku bat aurreratuz, itsuen gisan, berriro ibiltzeari ekiten dionean. Harik eta, bide bazterreko lehenbiziko etxea, ate gainean Construída siendo rector don Joaquín Zabalegui harrian landuta ageri duena, atzematen duen arte. Letoizkoa du aldaba: esku fin bat, hatz erakuslea eta erpurua puntetan elkar ukitzen, eta besteak bilduak, luma bati eusten bezala. Neskaren esku ospelduak hiru bider leunki jotzeko heltzen du, eta gero, berriro sabel azpian eskua eskuari emanda, zabal diezaioten zain geratzen da.
Pausarik gabe idatzi zuen, bozgorailutik ahots irmo batek arreta eskatu zion arte. “Beizamako unibertsitatea”, izan zen entzun zion lehenbiziko gauza, baina ez zekien aurrez beste ezer esana ote zuen, idazten kontzentraturik ari zenez. “Beizamako unibertsitatea”, errepikatu zuen, megafoniaren kalitate eskasaren eraginez palatalek burrunba egiten zutelarik. “Hemen gaude, Beizamako unibertsitatean”, hitzak indartsu ebakiz eta geldiune bakoitzaren ondoren aurrera egin baino lehen azkena errepikatuz, “horrela dago idatzita Udaletxeko harrian, Universidad de Beizama. Universidad. Betidanik izan dira jakitunak beizamarrak, eta atzo bezala gaur ere, ongi dakite alea eta lastoa bereizten. Alea eta lastoa. Nortzuk diren aberriaren etsaiak eta nortzuk abertzaleak, nortzuek nahi duten Euzkadirentzat ona, beren buruak marxista sozialistatzat jotzen duten horiek ala guk, hemen, hemendik eta honako, betikoari eutsi diogunok. Betikoari eutsi diogunok”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario