Plazan kaikuz jantzitako bat besterik ez zen geratu, auto baten kontra jarrita. Iñaki Abaituak, goragalea eragiten zion zigarroa leihatilatik bota ondoren, jakaren barne-patrikan eramateko ohitura zuen fitxa mordoa atera eta, ideiak erraz zetozkionean ohi zuen letra irakurgaitz, nahasi eta urduriaz, idazteari ekin zion, hitzak sinkopatuz, Agerretik gora oinez imajinatzen zuen neska haurduna bezala, arnasestuka.
Goiazko bidean oinez, eta korrika batzuetan, arnasa gero eta estuago, bide bazterreko zumarren kontra atseden hartzera beharturik. Lore txiki beltz eta zuriz estanpaturiko perkalezko soineko gris batez jantzia deskribatu zuen, bi eskuak azpitik gurutzatzen zituela, sabel handituaren euskarri, norbaitek ikusiko ote zuen lotsaz eta beldurrez. Arbolaren kontra irristatu eta, txotxongilo bat bezala, lurrean hanka-zabal eserita; zutitu nahian, belauniko, oin bat finkatuz lehenbizi, bestea gero; berriz ere oinez, pauso bakoitza emateko esku bat belaunburuetan, bestea gerrian jartzera behartua. Pausoz pauso, bi eman orduko geratzera derrigorturik, bizkarra atzera makurtuta, aurpegia aho-zabalik zerurantz, aire hotza irensten, mutu, erraietan sentitzen duen oinazeaz harriturik bezala, amaierarik ez duten sastadez, noizbait, argitasun osoz, entzun ere egin dezakeen urradura handigaitz bat sentitzen duen arte, eta orduan ahotsa orro bat da, sakona, grabea lehenbizi, gorantz doana, luze eta zorrotz bilakatzen dena erabat kanporatu eta bailaran hedatzean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario