Egun haietan sarritan gertatzen zitzaion bezala, izerditan jarri zen bat-batean, eta segundo gutxiren buruan blai zegoen, hotzikarak astinduta. Infekzio sakon batek eraginiko sukarraren sintoma argiak baino ez ziren.
Izterrondoan, hilabete inguru lehenagotik, bizitasun aldakorrez minbera zuen oliba baten neurriko gangliora eraman zuen eskua, baina berehala kendu beharrean gertatu zen, haur mordoa zegoelako kontrako leihatilan bekokiak kristalari itsatsita, bozgorailuari zerion musikaren erritmoa jarraituz.
“Vota vota peneuve gana Euskadi ganas tú kantatzen zuten, ganas tú bakoitzean ezpainak eta lepoak luzatzen zituztela.
Ezikusia egiten saiatu zen, aurrera begira, deserosotasunik ezin ezkuta bazezakeen ere, eta beste autoak etorri ziren arte jasan behar izan zuen lotsagabe haien presentzia. Alde egiteko zegoela agertu ziren eta, haurrak bezala, txundituta utzi zuen bera ere haien etorreraren ikusgarritasunak. Bi auto ziren, Peugeot handiak, gris metalizatuak, Bilboko plakekin. Abiada bizian heldu ziren biak, eta, erabat geratu gabe, auto bakoitzetik kaiku urdinez jantzitako gazte batek salto egin zuen, eta ateei zabalik eutsi zieten biek. Gero, beste bost gizon helduago irten ziren, informalki baina dotore jantzita, gamuzazko kazadoraz gehienak. Edadetuena zirudienak —ilea ia zuritua zuen, sudurra zorrotza, sudur hegalak, berriz, oso zabalak, beti usnan ari bailitzan, eta kokotsa erronkari— zeinu bat egin zien gainerakoei hurbil zitezen, eta une batez plaza erdian bildurik egon ondoren, udaletxera abiatu ziren, eta han, eskuak luzatuz eta bizkarrak astinduz, beren atsegina agertzen zieten herritarren artean desagertu ziren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario