Bihurgune batetik irtetean ikusi zuen, oso behean artean, Maubiaren ekialdeko magalean. Hamar-hamabi etxe harrizkok kalerik gabe osatzen zuten multzo irregularra, eta plaza irekia, ikusten ez zituen udaletxeko arkupeetan hasi eta bestaldean, mendirantz, beheragoko plano batean bukatzen zen, gotiko pretentsioz altxatzen zen elizarako eskaileretan.
Plazarantz jaitsi zen. Jendez betea zegoen, igandeetan bezala, eta inguratzen zuten bozgorailuek musika erraz eta itsaskor batek tartekatzen zituen mezuak aireratzen zituzten. Frenatu beharra izan zuen aldapa behera, lehenbiziko etxean ezkutatu zen zakur bat ez harrapatzearren. Motorra gelditu zitzaion eta, bolante gainean makurtuta, martxan jartzeko ahaleginean ari zela, Construída siendo rector D. Joaquín Zabalegui 1908, irakurri zuen ateburuko harrian grabatua.
Kointzidentzia miresgarria iruditu zitzaion, noski, magikoa. Erretore hura ezin zitekeen Maria Zabalegiren osaba zaharren bat baino izan, eta etxe hark izan behar zuen Daniel Zabalegiren amak erditzerakoan aurkituriko babeslekua.
Hipotesia ez zen oso tinkoa, Zabalegi deitura arrunta delako, eta, bestalde, osaba apaiz baten etxeko ateak ez zirudielako aproposena neska ezkongabe eta haurdun batek jotzeko. Baina ideia erakargarria iruditzen zitzaion. Atzera motorra martxan jarri eta plazara bidean jarraitu zuen, autoa han uzteko asmoz.
Herritarrak plazatik irteten ari ziren. Eliz atari neoklasikoak —zurezko egitura bat, teilatuaren sustengu— eskaintzen zuen aterpean egonaldi bat egin ondoren, eskailerak igo, plaza gurutzatu eta kontzejupeko tabernan desagertzen ziren taldeka. Iñaki Abaitua ez zen autotik irten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario