Bat-batean, Beizamari loturiko edozein huskeriak alderdi berri bat izango zuen beretzat. Esaterako, Urrestillako tabernari bati beizamarra zelako egiten zizkion burlak. Adibidez, Beizamatik txirrindulari lasterketak ere desbideratu egiten zituztela esaten zion adarra jotzeko. Zer esango zuen hark bera ere beizamarra zela jakiten zuenean.
Batez ere, herria bere herritzat hartzeko desira sentitu behar zuela iruditzen zitzaion Iñaki Abaituari Beizamarantz gidatzen ari zelarik. Helburu zehatzik gabe, bertaratzeko gogoa sentitu zuen, beharbada Daniel Zabalegik gogo hori izango zuela pentsatuz, herria ikusteko desira, eta bertan bere jatorriaz zerbait argituko zuelako ustea. Hark bezala ardo koloreko angioma bera zuen aurpegi bat, agian.
Ezin esan kasualitatearen eragin magikorik espero ez zuenik. Zerbait dastatzea, atzematea giroari erantsita; ezustean zerbait aurkitzea; sumarioari esker, halabeharrez, Beizama Daniel Zabalegiren jaioterria zela jakin zuen bezala.
Donostiatik Tolosarako bidea ez da ona, batez ere euria egin ondoren, mundu guztiak daki hori, eta egun hartan euria egin zuen. Goizean, atertu gabe. Lasai gidatu zuen autoa, eta konturatu gabe heldu zen Hirubidera. Han eskuinetara hartu zuen, eta berehala eskuinetara berriz. Albiztur agertu zitzaion, arratsaldeko urdintasun grisean bildua; Santutxon lehenbiziko aldiz ezkerretara egin zuen, Bidania eta Goiazko bidea alde batera utziz. Belardi ilunak zabaltzen ziren ezker-eskuin, oihal zaharkitu eta urratuen antzera, alde guztietatik kare-harria ageri baitzuten, eta pinudi beltzek, kolore bereko hodei astunez estaliriko zeruaren kontra, ostertza ebaki gabe hersten zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario