2011-03-22

386. pasartea

Ulertzekoa da, baita ere, Iñaki Abaituak ikerketa burokratiko horretan jarri zuen interesa, kontuan izanik, Beizamako agiri horretan izan ezik, gainerako dokumentu guztietan Daniel Zabalegi A-n jaiotzat agertzen dela, hala nola sumarioaren 246. orrian ageri den soldaduskako liburuaren transkripzioan —”en el libro filiador de su reemplazo figura como hijo de María Zabalegui nacido en A el 13-1-42”— eta jakina da Daniel Zabalegik berak A-tar agertu zuela beti, eta harro gainera, bere burua.
Beraz, zilegi litzateke pentsatzea, hipotesi mailan behintzat, Daniel Zabalegik judizioaren barruan jakin zuela bere sorterriarrena; paradoxa harrigarri eta erakargarria, non hil behar zuen eta non zen jaioa aldi berean jakin zuela esan nahi bailuke.
Judizio garaian, sumarioaren irakurketa luze eta aspergarriari dagokion atalean, bere izen-abizenen ondoren, nardagarri zaion gaitzizena —Daniel Zabalegui Aranguren, alias cara quemada— eta bere jaiotzari buruz mingarri gertatzen zaizkion zehaztasunak —hijo natural eta padre desconocido haiek— entzuteko begiak itxiz aulkian egokitzen denean, gutxien espero zezakeen datu berri hura: “Nacido en Beizama, Guipúzcoa”.
Hori guztia gogoan, bidezkoa litzateke pentsatzea ama judizioaren ondoren ikusteko aukera izan zuen lehen aldian gorabehera hura argitzeko eskatu ziola: nolatan ezkutatu zion jaioterriaren izena, zerikusirik al zuen aita ezezagunaren nortasunarekin. Zilegi litzateke suposatzea, zeldako bakardadean, Beizamako bazterrak zetozkiola gogora; oihartzun berria izango zutela Maubia edo Kantera bezalako izen ordura arte ezdeusek. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario