2011-03-22

384. pasartea

Dokumentazio lana garrantzitsua izan arren, sarritan, sormenaren aldetik pobreak diren boladak justifikatzeko hartu ohi du idazleak; nolabait ere, zeregin hori idazte lan astun eta nekosoa behin eta berriz atzeratzeko aitzakia bilakatzen delarik.
Ez dago beste azalpenik Iñaki Abaituaren portaera ulertzeko. Artxiboetan balio handirik gabeko paperak miatzen eta zer esan askorik ez zuen jende arruntari itauntzen pasatu zituen orduek ez zuten, gehienetan, helburu zehatzik, eta ez zioten, begi-bistakoa denez —eta hor dago lana, bestela—, fruitu handirik eman.
Ziur asko lanean ari zela sinetsi nahian —eta, nork daki, benetako lanaren ihesi, akaso— eman zituen ikerketa eta dokumentazioari eskainitako hainbeste ordu. Bere burua engainatzeko, alegia.
Historiagile agertu ohi zuen bere burua, konfiantza gehiago eman nahian ziur asko, inork ez zezan pentsa jasotako iritziak fantasiaren igurtziz maneatuko zituenik.
Hala egin zuen A-ko epaitegian behintzat. Historiagile aurkeztu zen. Bertako funtzionarioek gogoan dute eurijasa handia bota zuen egun batean bertaratu zela.
Berez, Daniel Zabalegiren sumarioan ageri den inkognita bakarraz galdezka agertu zen. Inkognita hori ez da noski Losada kaboaren hilketan nork edo nortzuek hartu zuten parte, edo Daniel Zabalegiren betekizun zehatza zein izan zen, honen jaioterria baizik. Hori da, sumarioa osatzen duten mila folioetan zehar, jakinmina eragin zion aztergai bakarra.
Jaiotza agiririk gabeko norbait epaitzea eta exekutatzea posible ez denez, ulertzekoa da epaile militar instruktoreak A-ko auzitegian azaltzen ez zen agiri hori aurkitzeko duen interesa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario