Susanak masailetatik hartu ohi zuen, bi eskuak zabalik, musu ematerakoan, eta neurrigabe zabaltzen zuen ahoa, berea mihi eskergaz aztertzeko.
Fluxu jarioaren usain mingotsa sentitzen du, eta higuingarri gertatzen zaio azalean haren likintasunaren kutsadura. Zerbait nabari dio Susanak, bi eskuez burutik heldu eta besoak luzatuz aldentzen baitu, begirada bilatzen diola. Berak begiak ixten ditu, sentimenduak ezkutatu nahian.
—Ondo zaude?
Ez zaio erantzunik axola, ordea. Bat-batean, sexuaz desinteresaturik, erabat berritsu ageri da. Haur nagusiaren eskola arazoez mintzo zaio, senarraren irtenbide profesionalaz.
—Esan al dizut Amerikara goazela bizitzera?
Ezetz erantzuten dio, ongi ez badaki ere. Begirunez, eta nahiago duelako gai horretaz jardun dezan.
—Oso apartamentu ederra daukagu Manhattanen.
Maitasuna egiteko asmoa galdu duela dirudi, eta bikoitza da aukera horrek Iñaki Abaituarengan duen eragina. Alde batetik, lasaitu egiten du, baina bestetik, ezin du ukatu zapuztu ere egiten duela. Alabaina, berriro ere ohean etzan da, eskuak izter artean gordez, eta belaunak altxatu ditu.
—Zatoz, ongi egin dezakegu.
Azken aldia izan daitekeela esaten dio. Ziur asko ez dutela elkar berriro ikusiko. Konturatzen?
—Va, desnúdate.
Eta Iñaki Abaituak alkandoraren botoiak bilatzen ditu hatz baldarrez, “ongi egin dezakegu” horren esanahia galdetzen ausartu gabe, eta haurdun dagoelako ote den susmoak gupida eta higuina eragiten dizkio nahasian, azkenik estaltzen duenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario