2011-03-22

382. pasartea

Perpaus bakoitzaren ondoren isildu egiten da, sorbaldako kremaileraren bila, kortxeteak askatzen, galtzerdiak tolesten, kontzentratzen delarik. Mendebala nagusitu da zeruaz, eta hodei beltzez estali du. Zirritu batetik argitasun mehar bat iragazten da oraindik. Badaki laster altzairu hotzaren distira nagusituko dela badia osoaz, harkaitzetan uhinak ñabartzen dituzten zuri eta beltzek bat egingo dutela, malenkonia hutsa izango den grisa bihurtuz. Biluzik sumatzen du maindire zurietan etzanda. “Tendida sobre sábanas víspera de sudario”.
—Zatoz, mesedez —ume planta eginez.
Biluzik dago, baina ohe ertzean eserita oraindik. Bularrak agian lehen baino astunago, sabeleko azala nasaiago. Ebatondoa pubisaren erditik doakio ia zuzenean sabel erdiraino; gero, aldakaren linea jarraituz, eskuinerantz okertzen da, giltzurruna bilatuz ziur asko.
Badaki so dagokiola.
—Diegori nazka emango ote zion beldur izan nintzen, eta asko kosta zitzaidan inoren aurrean biluztea. Orain ez jada. Atsegin zaio, eta ez du nahi estetika egin dezadan. Zer iruditzen zaizu?
Iñaki Abaituak zutik jarraitzen du, besoak zintzilik.
—Ez zaitut jango, gizona.
Ohetik altxatu eta ondora hurbiltzen zaio. Besagainetatik helduz, zapaten gainean jartzen zaio, oin puntetan, burua atzera duelarik:
—Ibil zaitez.
Ibiltzen hasten da zanbuluka, pauso bakoitzean bere karga altxatuz, harik eta, oreka galduta, barre-algaraz ohe gainera erortzen diren arte. Istant baten buruan, ordea, seriotasunez begiratzen diote elkarri. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario