2011-03-22

381. pasartea

Une batez berri horrek eragin diezaiokeen erantzunaren zain geratzen da, aurrera segitu aurretik:
—Niri ez zidaten deus esan. Inork ez zidan itaunketarik egin, hilabete inguru konorterik gabe egon nintzelako, eta nire onera etorri nintzenerako, Diegok konpondua zuen guztia.
Euria hasi du, hodeirik gabeko euri hori, emeki, luzaroan eutsi zaion negarra bezala. Oinazea konpartituz besarkatzen direnen negar gozo eta otzana.
—Qué horror, siempre está lloviendo.
Baietz dio, euria ari duela beti. Baina ez daki euririk gustatzen zaion jada. Sarritan gertatzen zaion bezala, ez daki gogora datorkion ideia zentzugabea berea den ala norbaiti entzuna, baina zehazki adierazten du bere sentimendua, sentimendu beraren irispidea ez badaki ere.
—Aspertu naiz euriaren alde egiten —dio, bere buruarekin ari bailitzan.
—Zer?
—Deus ez.
—Tira, zatoz —bere alboan esku irekiaz ohe gaina ukituz.
Haize aldakorrak zurrunbiloan altxatzen ditu hostoak plazan. Ezin ikus baditzake ere, badaki mendebaldean hodei beltzak zelatan daudela. Antxetak desagertu egin dira.
—New Yorken pasatu genuen ia urtebete. Egia esan, aurretik ere erabakita geneukan Estatu Batuetara alde egitea. Badakizu Nuria txikia amerikarra dela? Diegok Fortunan nabigatzen duen jendea ezagutzen du, eta esan zioten inor konprometitu gabe konponduko zutela. Oso ondo portatu ziren. Nolanahi ere, pentsatu genuen hobe genuela denboralditxo baterako alde egitea, eta nola Diegok lehendik ere atzerri zerbitzuekin lan egiten zuen... Tira, zatoz —berriro ere esku irekia alboan, ohe gainean jarriz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario