Komentarioa atsegin zaiola dirudi. Bere alboan ohe gainean zabalik jartzen du eskua.
—Ea, eser zaitez.
Iñaki Abaituak zutik segitzen du gela erdian, bisitarien aurrean gurasoek eskatzen dioten poesia esateko gai ez litzatekeen haurra bezala.
—Ba al dakizu ebatondo ikaragarri itsusi bat geratu zaidala?
Leihora hurbildu da, handik ihes egiteko gogoari eutsi ezinik ia. Ertz batetik Txingudi dakusa laino mehe, zuri, zikin batez inguratua; ura arre dago, arbelezko, eta antxetek elkarrekin gurutzatuz egiten dute hegan, noragabe. Itsasontziek, urdin eta berde, barrarantz tiratzen dute ainguretatik, itsaso zabalaren bila. Eta Hendaia eskua luzatuz uki daitekeen itzal horixka bat da.
Benetan sentitzen duela esaten dio, bueltatu gabe, ebatondoa non geratu zaion galdetzea arrunkeria litzatekeela pentsatzen duelako. “Sentitzen dut” esaten dio, “benetan sentitzen dut”.
—Zergatik ez zenidan dena kontatu? Berdin egingo nukeen. Zuregatik edozer gauza egingo nukeen.
Isilik geratu da une luze batez. Bat-batean nagusitu den iluntasunak hartua bezala. Ohea, komoda, armairua, laranja-ukitu batez argitu dira.
—Badakizu? —eta ohi zuen bezala, erantzunari itxaron gabe:— Gizon hark oheratzeko proposamena egin zidan. Fragan. Akordatzen Fragaz, pentsio triste hartaz? —Iñaki Abaituak leiho aurrean dirau zutik—. Aurreko gurpila lehertu zitzaidan eta arbola bat jo nuen. Itxuraz bera oinez atera zen, baina pistola galdu zuen. Hilketa askoren egilea zela esan zioten Diegori.
No hay comentarios:
Publicar un comentario