2011-03-22

379. pasartea

Juliaren etxe ondoraino hurbiltzen ausartu zen. Leiho guztiak zeuden pertsianaz itxita, lurraren arrasean egokitzen zen bainugelakoa izan ezik. Baldosa zuri hexagonalak gogoratu zituen, baineraren hankak, animalia baten erpeak ziruditenak; eta nola haiei helduta zegoen leihoan goardia zibilaren bota beltzak ikusi zituenean. Atxilotu zituzten gauean. Ez zegoen ziur goitik zer ikusten zen jakin nahi ote zuen, eta horma ukitzeraino inguratu bazen ere, begiak itxi zituen. Juliaren irudia girotzen zuten koloreak eta urrina atzeman zitzakeen: argizaria, lavanda, tresna zaharren portzelana zurbila, kandelargien isla ikaratia. Piano akorde bat besterik ez zuen behar negarrez hasteko.
—Non zaude?
Susanak kantoitik hitz egin zion, ez zegoela berarekin igarriz. “Ez didazu jaramonik egiten”, eta ahaztua zuen mutturtxo barregarria jarri zuen.
—Ez didazu jaramonik egiten.
Baietz esan zion. Gerritik heldu eta hostalean sartu ziren. Gisa hartako abaguneetan ohi bezala, atezainak gaitzesle begiratzen ziola iruditu zitzaion, eta ezetz, ez zutela ekipajerik, erantzun zion, zekenegi apika.
Gelak Juliaren etxe aldera ematea nahiko zukeen, baina plaza zuen aurrean. Susanak armairua, komodako kaxoiak eta bainugela ikuskatu zituen. Gero ohean eseri zen, koltxoia probatzeko.
—Nola bizi zara? —eta erantzuten utzi gabe:— “partikularrik ez”, “ondo esan beharko”. Ea, esan —irribarrez.
—Ba hori, ondo esan beharko, partikularrik ez —irribarrez berak ere. Lehenbailehen bidaiaz hitz egitea nahi luke, eta bide batez beldur da. Ez da ezertaz pentsatzeko gauza sentitzen—. Zu, berriz, bistan da oso ongi zaudela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario