2011-03-22

378. pasartea

Kalerako bidean ez zion hitz egiteko betarik eman. Ea ba al zekien beste ume bat zuela. Zenbat zituen azkenekoz egon zirenean? Bi? Ba orain hiru. Diego oso pozik zegoen lanarekin. Oso zen inportantea, ba al zekien? Eta ea berak zer egiten zuen.
—Eta zuk, zer berri?
Betikoan, erantzun zion. Abenidan zeuden jada lehenbiziko aldiz nora joan planteatu zutenean. Hernani kaleraino joan ziren gero; Abenida gurutzatu eta hoteleko kantoian zeuden ostera. Berriro ere ea nora joko zuten galdetu zioten elkarri. Bizpahiru aldiz pasatu zioten batak besteari erabakitzeko txanda. Azkenean Hondarribia aukeratu zuten.
—Non duzu autoa?
—Zurriolan.
—Eta non da hori?
—Ibaiaren bestaldean.
—Zu beti hain prebisorea, hain praktikoa.
—Ez dago urruti. Kursaala zegoen parean.
—Kasino bat zen hori, ezta?.
San Sebastián poseía en el Kursaal el mejor casino de Europa. Las noches de gala en su teatro asombrosamente bonito...”. Loretta Sheridanen oroitzapena. Loretta Sheridan hantxe bertan, Kontxako baranda zurian belaontziei so. Baietz erantzun zion, kasinoa zela. Udaletxea ere kasinoa izana zen. Ba al zekien?
Ez zitzaion interesatzen. Senarraz, bankuaz, seme-alabez, Salguèko etxean egiten ari ziren lanaz nahi zuen hitz egin. Haitza zulatu omen zuten beste gela bat egiteko. Isildu gabe hitz egin zuen bide osoan, baina Eduardo Ortiz de Zaraterekin eginiko bidaia eta auto istripua aipatu gabe. Hondarribian, kasko zaharrera igo, eta hostalaren aurrean aparkatu zuten. Bazekiten sartu egingo zirela, baina elkarri ezer esan gabe, geroko uztea erabaki zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario