Diego Suñerrek begiak itxi zituen. “Adiskide oso bereziak konprometitu behar izan nituen”. “En fin, no merece la pena recordarlo” esan zuen begirik ireki gabe.
Botonesa isiluneaz baliatu zen autoa zain zeukala jakinarazteko. “El coche del señor está esperando” esan zuen. Ezaguna egiten zitzaion aurpegia.
—Tristea da esan beharra, baina uste dut ez dugula elkar berriro ikusiko. Berriro ez ikustea espero dut.
Botonesaren aurrean esan zuen, eta Iñaki Abaituari ez zion onik egin bera gehiago ez ikustea espero zuen jendea zegoela jakin zedin. Horrelakorik ez zezala esan eskatzekotan egon zen, ea zergatik ez zuten elkar berriro ikusi behar, baina orduan ere isilik geratu zen, eta besteak luzatutako eskua hartu zuen. Berotasunez agurtzen ohituriko eskua zen, indartsua baina ez sobera; itsasontziko eskota erabiltzeak ematen duen neurri aproposean. “Pare bat minutu barru jaitsiko da” esan zuen gero, eta martzialki jiratu zen irteerako aterantz.
Susanak ez zuen minuturik egin. Alboko saloian itxaroten zegoen ziur asko. Meheago ikusi zuen, baina ez zen asko aldatua. Soineko gris estu batez zegoen jantzia, jantziegia apika, eta zetazko gabardina beltz bat zeraman bizkarrean. Gabardinaren lepoari esku batez eutsi zion, burua atzera botaz, masaila eskaintzean. Nabarmenki alboratu zuen aurpegia, atsoek ohi duten bezala, ezpainak gordez laztan itxura egiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario