—Bilbon bankuko jendea ikusi behar dudalako etorri gara —esan zuen, gorbata egokituz, bankua aipatze hutsak errespetuzko adierazpena egitera bultzatuko bailuen. Gorbataren orratzean Espainiako ezkutu konstituzionala ageri zuen—. Zazpiak eta zazpi eta erdiak bitartean hemen bertan elkartzekotan gelditu gara.
—Ongi —esan zuen Iñaki Abaituak.
—Ongi, bai —esan zuen berak ere, eta bistakoa zen zerbait erantsi nahi zuela, eta ez zekiela nola. Eskuak atzera bota zituen, eta lepoa erdi jiratuz altxatu zuen, gorbataren esturaz libratzeko bezala—. Ez zenuen Susana zer hartan sartu behar.
Zertaz ari zen ez zekiela esatea pentsatu zuen Iñaki Abaituak, edo ez ote zitzaion komenigarriago sentitzen zuela esatea, besterik gabe, gaiaren gainetik pasatuz. “Badakizu, zirkunstantziak” esan zuen azkenean.
—Jainkoari eskerrak, lortu nuen istilutik ateratzea.
Zertaz ari zen ez zekiela esatea komeni ote zitzaion pentsatu zuen berriro. Bistan zen Eduardo Ortiz de Zaraterentzat prestaturiko bidaiaz ari zitzaiola. Isilik irautea erabaki zuen. Diego Suñerren atzean botones bat zekusan zerbait esan nahian, baina solasa eteten ausartu gabe. Burua joan egiten zitzaion. Paul Garden-en liburu baten izenburuaz gogoratu nahi izan zuen, oso ona iruditu arren ezin bukatu ahal izan zuena. Liburu onak ezin izaten zituen bukatu, gehiegi emozionatzen zutelako. Urduriaren urduriz, ezin izaten zuen irakurri. Diego Suñerri aitortzekotan egon zen, zer esan ez zekienean, pentsatzea eragozten zioten gauza zentzugabeak etortzen zitzaizkiola burura. “Ezin dut amaitu atsegin zaidan libururik”. Haren erantzuna zein izan zitekeen kontsideratu zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario