Sinesgaitza egiten zitzaion frakez jantzitako jende hura, hain enfatikoki hitz egiten zuena, —”no faltaba más, señor”, “si el señor es tan amable”— eta hain gaiztoa bikote adulteroekin —”el señor y la señora desearán una habitación doble”—, inguruetako kaleetan bizi zitekeenik. Beti iruditu izan zitzaion hiri arrotzetako jende arrotza zela.
Pentsakizun horietan murgildua, bere aurrean franelazko galtza gris akasgabeak ikusi zituen, ispiluak bezain distiratsu zeuden oinetako granateen gainean.
—Cómo estás.
Diego Suñer zuen aurrean.
Eztula egin ondoren, ulertezina zen zerbait erantzun zion zizaka, eta altxatu egin zen, hark luzatzen zion eskua estutzeko.
—Susana ha querido verte —ohi zuen sotiltasunez, gurari harekin ez zetorrela bat adierazi nahian, ziur asko. Baina Susanaren nahia errespetatu nahi izan zuela esan zion—. Ha querido verte y yo respeto su deseo.
Iñaki Abaituak ez zekien zer esan. Ezpainetan irribarre inozo bat zuela, isilik iraun zuen, hitzen baten bila. Oso argia iruditzen ez zitzaion arren, gizon hark bazuen heldutasun bat bere aurrean lotsati eta galbera sentiarazten zuena.
Salguèko egunen oroitzapena zetorkion. “¿Os habéis divertido?” esaten zuen itsasontzian ibiltzetik etxeratzen zenean, eta iruditu ohi zitzaion bazekiela elkarrekin oheratzen zirela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario