2011-03-23

374. pasartea

Senarrarekin joango zela esan zion, baina hark Bilbon eginkizunen bat zuenez, ordu batzuk izango zituztela elkarrekin egoteko. Londresen ikustekotan geratu ziren.
—Londres hotelean —azpimarratu zuen—, ez etorri gero Trafalgar Squaren ulertu zenuela esanez. Hotel zuri bat, Kontxa aurrean, badakizu.
Telefonoa utzi ondoren, urratu egin zuen “gauak gaua dira”. Ilea atzera orraztu eta, eskuak lehenbizi eta gero aurpegia igurtzi ondoren, luma hartu zuen. “Egun guztiak dira desberdinak, banakakoak. Gauak, ordea, loturik daude, gauak gaua dira beti, gau bera, ez dago gau bat besterik, zeinen hondora itotakoak bezala erortzen garen”. Pilota bat egin eta hormaren kontra bota zuen. Ohe gainean etzan zen gero. Ezinbestekoa izaten zuen besterik ez bazen ere lau lerro irakurtzea lo hartu ahal izateko. Ion ageri zen egunkarian, jendaurrean hizlari, esku bat altxatua, hatzaz zerua seinalatzen. “Ion Igartua: ‘Los nacionalistas ganaremos por amplia mayoría”. Egunkaria erortzen utzi eta altxatu egin zen berriro, botatako fitxa lurretik hartzeko. Idatzitakoaren ondoren, “arratsero” jarri zuen, “zeinen hondora itotakoak bezala erortzen garen arratsero”. Berriz ere fitxa bota, argia itzali eta ohean sartu zen.
Biharamunean esandako orduan Londresen agertu zenean, Susana ez zegoen hallean. Harreragune aurrean eseri zen itxaroteko. Gogoko zuen kanpoan zegoelako sentsazioa ematen zion giro arrotz hura. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario