2011-03-23

373. pasartea

Telefonoak jo zuenean Julia espero zuen, baina Susana zen bestaldean. Ea ezagutzen al zuen galdetu zion. Hori izan ohi zuen telefonoz agurra, “ba al dakizu nor naizen?”. Galderagatik ezagutu zuen, ahotsagatik baino gehiago. Ezagutuko ez zuen ba, protestatu zuen. Harriturik eta aldi berean lotsaturik sentitu zen, harremanetan jartzen gehiago ahalegindu ez zelako. “Zenbat denbora...”.
Haren ahotsean ez zegoen haserrerik.
—Zer moduz zaude.
—Ondo esan beharko...
—Ondo esan beharko... Ez zara aldatu. Zer kosta zaizu ondo ala gaizki esatea? Zertan diharduzu?
Zehazki kontatu behar izaten zion zertan ari zen. Nola zegoen jantzita, non zegoen eserita, zer zuen eskuartean. Zer ari zen irakurtzen, irakurtzen ari bazen. Zati bat irakur ziezaiola.
Fitxa bat hartu zuen, hura eskuetan zuela adierazpena sinesgarriago gertatuko zelakoan, beti bezala hiztegi lanean ari zela esan baitzion. Lehenbiziko ezustea pasatu ondoren, bere barruan sentimenduren baten aztarna bilatzen saiatu zen arren, ez zuen deus aurkitu, indiferentziak berak eragiten zion harridura izan ezik. “Gau” irakurri zuen fitxan, “iz. (XV ea.). Eguzkiaren sarreratik irteerara hedatzen den denbora bitartea”.
—Non zaude? —galdetu zion bat-batean, Donostian egon zitekeelako kezkaturik.
—Parisen.
“Gauak gaua dira” idatzi zuen fitxa gainean. Bazekien zer esango zion, trena hartzear zegoela Hendaiarako. Ez zuen erabat asmatu, ordea.
—Parisen?
—Baina bihar goizean Miarritzera abiatuko naiz aireplanoz. Ikusi egin nahi zintuzket.

No hay comentarios:

Publicar un comentario