Sukaldea jendez gainezka zegoen; alkandora koadrozkoari erlikia bati bezala begiratzen zioten auzotarrek, eta kanpoko bisitariek ere bai. Ataria ere gainezka zegoen. Sartu-irten bat egiteko zain jendea, denek bete nahi zuten erritual bati jarraituz. Gizonezkoak batez ere.
Tentsio une bat izan zen Burgosko funerariakoak bere zerbitzua kobratu nahia agertu zuenean. Taldez talde zebilen, kapela biseradun grisa eskuan bueltaka, pertsona ustez inportanteenei inguratzen zitzaiela eskakizuna egiteko. Bera langile bat besterik ez zela, eta ez zeukala zerbitzuaren 50.000 pezetarik gabe bueltatzerik, ulertu behar zutela. Amak poltsa irekitzeko keinua egin zuen, hamar mila duro aldean bailituen, baina gazte batzuek ezetz esan zioten, gordetzeko diru hura, Danielitoren entierrua herriak ordaindu behar zuela. Txirrindulari taldekoek ez zuten hogei mila pezeta besterik, baina haiek jartzeko prest agertu ziren, eta Inazio Mujika Iraolak elizako dirua erabiltzea ere pentsatu omen zuen, baina, zorionez, azken momentuan txeke bat iritsi zen Donostiatik, emailearen izenik ez aipatzeko aginduarekin. Hainbeste urte pasatu ondoren, erretore ohiari iruditu zitzaion emaileak ez zuela gaizki hartuko izena jakinarazten bazuen, eta La Casa del Café etxeko nagusia zela esan zion Iñaki Abaituari. Berak ez omen zuen ezagutzen, baina gizon ona, esaten zutenez, laguntzailea.
Goizaldea zen herria hutsik geratu zenean. Burgosko furgoia joan zen, eta goardia zibilen tanketek ere alde egin zuten noizbait. Jendeak sukaldeetan iraun zuen oheratu gabe, etxe bakoitzean beila bat bailegoen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario