2011-03-23

368. pasartea

Apunten” hitza azken paradatzat nahi lukeen magnolia adarraren euskarrira itzultzeko seinalea bailitzan, harenganantz doazkio beilaren errea ageri duten begi nekatuak, eta marmolezko ezpainek eguzki berriaren epeltasun gozoa nabari dute, eta gozotasun horri abandonatuz, begiak ixteko gonbita sentitzen du. Oso urrunetik bezala entzuten ditu tiroak, eta are urrunagotik, jadanik ezin ikus ditzakeen txoriek habietatik alde egiten dutenean, bere atzean, kanposantuko harresi goroldiotsuak itzultzen duen atabal hots geldoa.
Ez da ezkutatzen. Burua alboratzen badu, magnolia adarraren euskarria galdu duelako da, eta kanposantuko harresiaren oinean atzeman duen mundua begiztatu nahi lukeelako: harrizko gurutze grisak, mendi bizkar lurberritua, artalde nagiak, arbelezko teilatu beltz bakanak; denak beraren heriotza isiltasunean hartzen.
Joan da hegaztien hegats hotsa, eta isildu da apaizaren murmurioa, zintzarri bat edo besteren hots baldarra besterik ez, ohi denez armonia esplikagaitzez betea.
Norbaitek “a tomar por el culo” oihukatu du ahots ez oso irmoz, eta berriro ere isiltasuna nagusitu da, esnegain likin bat hedatu bailitzan bailararen zabaldi osoan. Daniel Zabalegik aurrera itzultzen du aurpegia. Zuria ageri du, eta beltza, hamar segundotan bizarra hazi balitzaio bezala, eta begiratu itsua du, espresiorik gabea, barea baino. Sudurretik odola dario. Ezpainak inguratuz kokotsean zehar irristatzen zaio, balen zuloetatik isurtzen hasi baino lehenago, eta ahoa ixten du, handik ihes egin nahi lukeenari eusteko ahaleginean, eta hortzak estutzeko keinu hori du, agian, agoniaren adierazpen hunkigarriena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario