Zalditik jaitsi eta gero ere, amaren eskutik, beste haurrak ikusi nahi izaten zituen beste buelta bat ematen. “Alferrik da negar egitea” esaten zuen amak. Baina ezin zuen besterik egin, han geratu baino, zineman filma amaitu ondoren ere pantaila zuriari so geratuko zen bezala, mina ematen ziotelako kentzen zituen oinetakoak janztea ahaztuta. Pantaila zuriak ez baitzuen adierazten filma bukatu zela bakarrik, igandea bera ere hiltzear zegoela esan nahi zuen, eta aldez aurretik sukaldeko lur gastatuari zerion lixiba usaina atzeman zezakeen, eta txapa gaineko lapikoak eragingo zuen lurrinaren berotasuna, kare urdinduz pintaturiko hormaren hotz hezea bizkarrean areagotzen ziona.
Pantaila hutsari begira, euli kakaz zikinduriko bonbilari zerion argi makal horitua zekusan jada, eta entzun ere bai Betroitzako zelaian etengabea izan ohi zen kilker hotsa. Irudiak dira, txori izutuak bezala haizatu eta hegan desagertzen direnak, armek muntatzean egiten duten hots metalezkoa entzuten duenean, eta bularreko giharrak kuzkurtu egiten zaizkio nahi gabe, balak jasotzeko prest baileuden. Oraindik ere bezperan pattarrari esker lorturiko lo laburra asaldatu duen amets morbosoa onartzeko adina denbora: Urola ibaian harrapatzen zituen aingiren irudia, burua ebaki ondoren ere, hil ezinean, aho ikaragarri haiek oso poliki zabaltzen zituztela; airea lortu nahian baino, pairatzen zuten sufrimenduaz mintzo bailiran.
Jadanik ez du hiltzeko beldur abstraktua sentitzen, agoniari dagokiona baizik, heriotzak berak ere sufrimenduaren angustia ezin menderatuko ote duen kezka ikaragarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario