2011-03-23

366. pasartea

Une horretan, Daniel Zabalegik arbola adar batetik kentzen ditu begiak, amildegian esku bat askatu ohi den bezala, euskarri hobe baten bila. Kapitainak txalo egiten duenean.
Kapitainak txalo batzuk jo eta “ale, goazen” esaten die gainerakoei. Haiek solasak eten, zigarroak bota eta erdialdean biltzen dira, zurezko kutxaren inguruan, astiro, ikasle gogogabetuak eskolako patioan bezala, martzialtasun aztarrenik gabe, eta, banan-banan, Daniel Zabalegik soldaduskatik ezagutzen dituen mauserrak hartzen hasten dira. Burua altxatzen duenean, txoriak ikusten ditu; oso urruti, ordea, uve txiki batzuk sigi-sagan. Txirritxoak, esango luke, baina ez dago ziur, ez baitaki txoriez gauza handirik. Betroitzakoa zen aditua, eta trebea likarekin txori harrapatzen.
Argiak begiak erretzen dizkio, baina lagunaren oroitzapenak jaitsarazten dizkio aurpegi ezagun baten bila.
Aurpegi ilunak besterik ez, ordea. Inor ez balentria haren testigutza ziurtatzeko; bere presentziaz negarra, biziaren grazia erregutzea, eragozteko berari; lurrean belauniko, ez duela hil nahi, batez ere ez duela hil nahi oihukatuz, umiliazioaren errezoa galarazteko.
Badaki, baina, alferrik litzatekeela. Etsipen sentimendu zaharra nagusitzen zaio eta, haurtzaroa gogoan, hunkiturik onartzen du. Andramarietan tiobiboetako zalditxoan hartu ohi zuen sentimendu bera da. Itzuliak astirotuz joaten zirenean, eta tinbre hots ozenak ferietako musika alaia gainditzen zuenean, orduan ere negarraren errebeldia alferrikakoa menderatzen zuen, eta azken itzuli geldoetan amaren aurpegian beste bidaia baten esperantza mamitu nahi izan arren, bazekien amaiera zela eta ez zegoela hurrengo baten itxaropenik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario