Pattar botila hustuz doala. Adierazpen gogor hura besterik ez, “no quiero saber nada con la iglesia de estos”, Mujika Iraola erretore ohiari hain adierazgarria iruditzen zitzaiona. Behin eta berriz gogorarazten baitzuen. Hori, eta amak semea ikustetik irtendakoan agertu zuen aldaketa harrigarria: erdi hilik sartu eta, handik gutxira, bere onetik aterata bezala agertu baitzitzaien atarian. “Euskadiren alde ematen dut bizia, eta harro egongo dira nitaz orain” esan ziola jakinarazi omen zien, eta semeak hala nahita egin zuela berak hain denbora gutxi barruan. Abokatuaz, ordea, “hemen behar zuen hark” esan zuela Daniel Zabalegik.
Zilegi da, beraz, norbaiten beharrean gertatu zela pentsatzea. Amaz gainera, entzute handiagoko norbait, bere portaeraren lekuko izan zedin, heroismoak lekukoak behar baititu. Amak, gainera, etxeko sukalde gaizki argitua ekarriko zion gogora, eta hango leihotik Betroitzako sorora begira pasatu ohi zituen haurtzaroko ordu tristeak. Horregatik esango zion nahiago zuela alde egiten bazuen. Eta amak alde egin zuen, izara bordatuak atarian utzirik, haiekin bezti zezaten.
Herrira heldu zirenean goizaldea zen jada, eta kaleak hutsik zeuden. Zerua ilun, eta bide batez distiratsu; ekaitzak eztanda egin gabe, baina egiteko zorian oso luze iraun duenean izan ohi duen urdin metalezkoaz tindatua. Ama ez zen berehala oheratu. Kafea egin, eta Daniel Zabalegiri ematea ahaztutako opil batzuekin hartu zuen. Zortzietan parrokiako kanpaiak hileta jotzen zuela iruditu zitzaion, eta Martirietatik, berriz, trumoi hots ikaragarria entzun zuen. Ez zen zerurik zabaldu, ordea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario