Ordua heldua zela, lau gizonak agertu baino lehen jakin zuen. Animalia inguratu baten entzumen zorrotzaz, zeladore herrenaren pauso hotsa urrunean atzematen duelako, eta ate hotsaren oihartzuna galeria hutsean barrena hiru eta lau aldiz biderkatua. Irits zitezenerako zutik egon nahi izan zuen. Inork ez zekien, mugimendu bakoitza, sinpleena ere, ikasi berria zela, prozesu luze eta neketsu baten ondorioz. Aitortza errefusatu zuen azken aldiz. “Ez dut deus jakin nahi horien elizarekin”. Zeinu lehorregia apika, handiegia, Hamaika Pauso-ko Daniel Zabalegiri ez dagokiona. Badirudi kontakizunaren barruan ulergarriagoa litzatekeela aitortza tramite hustzat onartzea, koherenteagoa, apaizgoaren errespetuan hazia izan den norbaitentzat, eta errespetu horren eraginez gizondu eta gerora ere igandero mezetara joana, korutik entzuteko eta ebanjeliora iritsitakoan zigarroa erretzeko irtenalditxoa eginez joaten bazen ere. Hau da, kontakizunean, sinesgarritasunaren mesedetan beti, neutrotasuna eta grisa hausten dituen gertakizun bakarra. Askotan ekin baitzion errealitatearen zuri-beltz gordinak leuntzeari —adibiderik ezagunena exekuzioaren atzeratzea delarik— historia fikziotzat har ez zedin. Izan ere, adibidearekin jarraituz, fikziozko heriotza-kondena guztietan, tentsio narratiboa lortzeko bide gisa, ordua atzeratzearekin jolastea baita legea, indultu posible baten esperantzarekin, alegia.
Daniel Zabalegik ere mamitu zuen hiltzeko prozesua zailago bihurtzen duen esperantza faltsua, dudarik gabe, baina ez da agoniaren angustiari bi ordu luze erantsi zizkion arrazoia aipatzen. Gizona eta bere heriotza, beste inolako gehigarririk gabe. Esperoa betetzen duten keinu arruntak, eskuak belaun artean, hatzen gurutzatze eta desgurutzatze urduria. Hitz bakanak, “hotz egiten du” edo “gaua luzea da”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario