Pentsatua zuen zerbait idaztea. Zer idatzi eta guzti zuen pentsatua. “Euskadiren alde hiltzen naiz. Etorriko dira atzetik jarraituko dutenak. Aberria ala hil.” Garbiñe lehengusinak erabiltzen zuen “ez adiorik” hura ere gogoko zuen amaieratzat, baina ez zitzaion “Aberria ala hil” bezalako esaldi gogorrari egokitzen.
Nolanahi ere, ez zuen boligraforik hartu. Neurri batean harrokeriaz, galiziarrarekin haserretu ondoren ez zuelako haren eskaintzarik onartu nahi. Baina batez ere hitz guztiak dudakorrak iruditzen zitzaizkiolako, eta ez zukeelako jakingo nola idatzi, “bizia” ala “bizitza”, “batzuk” ala “batzuek”. Herriaren metaplasmo kentzailearen mesfidantzaz, hitz luzeenaren aukera egitea legokiokeela pentsatzen du, baina ez da ziur. “Aberria ala hil” bera, mila aldiz irakurria badu ere, sarritan galipotez idatzita hormetan, ez daki zehazki, “ala” ditxosozkoa hatxez ala gabe den. “Hil” bai, hatxez idatziko luke.
Baina ez du idazten. Ez du hitz bakar bat ere esango, harik eta handik ordubetera, bostak jota beraz, oinetakoak garbitzeko gauzak eskatuko dituen arte.
Ekarri zizkiotenean, arreta handiz garbitu zituen garbitu beharrik ez zuten arren, erabili gabeak baitziren. Ez zituen jantzi. Denbora luzea egin zuen behatzak mugitzen, libre edukitzeaz gozatuko bailuen, oinetakoak bi oin biluzien artean, lau oin bailituen.
Ordua heldu zenean jantzi zituen. Ongi zaindu zuen korapilo bikoitza, lokarri muturrak lehenbizi alde batera hartuz, eta gero kontrakora, nahi gabe aska ez zitezen, baina nahi izanez gero erraz askatzeko moduan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario