Musean ari direnean Fundador da pattarra, eta halako batean kopa hustua indarrez lagatzen du mahai gainean. Haserrealdi bakarra da, oso sinesgarria ez dirudien parabola linguistikoari haria ematen diona. Erdaldunei zerbait barkatzen ez bazien, amarrako esatea omen zen. Badaramate ordu erdi baino gehiago kartetan, eta ez da hitza erabiltzen duten lehen aldia, noski, baina halako batean, ziurrenik jokoa utzi nahi duelako, “amarrako ez, joder, hamarreko”, esaten du, kopa indarrez mahai gainean utziz. Erdaldunei zerbait barkatzen ez badie, amarrako esatea dela.
Gainerakoek, berriz, beti amarrako izan dela erantzuten diote, eta ea nondik atera duen “hamarreko” hori. Euskarazko hitza dela jakinarazten die, hamar esateko balio duena. Zenbat apostu ezetz. Bere aitonak ere —erantzuten dio zitalenak— hantxe bertan, Carcastillon jaioak, amarrako esaten zuen, eta euskaldun batek ez zion berehala musean irabaziko hari. Eta argudio nagusia, hamarreko, euskaraz, hamar bazen, ea zergatik amarrakoak balio zituen bost puntu.
Ez zuen jakin erantzuten. Eskuan zituen kartak mahai erdira bota eta kamastran eseri zen. Aldi berean, gainerakoak kontrako zokora erretiratu ziren, gaitzen batez kutsatzeko beldur bailiran. Luzaroan egon zen mugitu gabe, ukalondoak belaunetan iltzatuta, bekokia eskuetan hartuta.
Minutu gutxi falta ziren lauak izateko, eta galiziarrak folio mordo bat eta boligrafoa utzi zizkion ondoan. Uztean ez zion deus esan, eta ez zuen esan beharrik ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario