Amak eta erretoreak itzulerako bidaia egiten duten bitartean, Daniel Zabalegik musean dihardu, “ezer egiteke egonez gero, aingiren irudia datorkiolako burura”. Aingiren buruak hil ezinean, aho-zabalka.
Galiziarra du beste bi funtzionarioren aurka joko-lagun. Ez dute serio jokatzerik lortzen. Daniel Zabalegik esaten die ezingo duela errebantxa asko eman, trena zain daukalako. “Trenak ez du itxaroten”. “Baina berandu etorri bai” beste batek, aurrezantzua balu bezala, eta barre egiten du. Gero, jokoko hitzak baino ez dituzte esaten, erritual bateko hitz larrien antzo. Larritasun horren eraginez, beharbada, galiziarrak berriro ere aitortzaren gomendioa egiten dion arte. Sarritan egiten dio, eta Daniel Zabalegik ez dio inoiz ere modu txarrean erantzuten, denbora duela besterik ez, gaua luzea dela, eta aldi bakoitzean, “gaua luzea da” esandakoan, pattar kopa altxatu, eta tragoz husten du.
Eztarria erretzen dion pattar merkea. Idazleari dekoratuaren osagarri beharrezkoa iruditzen zaiolako ageri da kapitulu batetik bestera izenez aldatzen den pattarra; kafea edo tabakoa edo Jesus Gurutzefikatuari pizturiko kandela ageri diren bezala, eszena girotzeko. Gezurra sinesgarritasunaren mesedetan; izan ere, berez, Daniel Zabalegik nahi izan bazuen —eta nahi izan zuela pentsatzeko arrazoiak daude—, ez zitzaion kontsolamendu hori utzi. “Todo lo que quiso exceptuando bebidas alcohólicas”, esan zion kapilauak. Eta “naturalmente”, erantsi zuen. “Exceptuando bebidas alcohólicas. Naturalmente”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario