Esan zion ez zekiela emakume hari zer gertatu ote zitzaion, sartu aurretik anestesiaturik bezala baitzegoen —adierazpide hori erabili zuen berriro—, eta atean agertzean, ostera, bera adierazteko gai ez zen egoera batean, bere onetik irtenda; “buru-bero”, ulertu zion Iñaki Abaituak.
Inork ez daki nola joan zen ama-semeek elkarrekin eman zuten denbora, baina bai laburra izan zela, amaren esanetan Daniel Zabalegik hala nahita. Ziur asko, hitz egiten hasteko beranduegi zutela irudituko zitzaion, ez zuela merezi betidanik gordea zuen galdera, inoiz egiten ausartu ez zena, egiterik. Alferrik samindu behar zuen ama, eta bazekien haren erantzun derrigorrez errukizkoak ezingo zuela, hoberenean ere, susmo larrienaz libratu. Egia ote zen, alegia, garai batean herrian zabaldutakoa, goardia zibila zela, Donostian, Amara auzoko taberna batean zerbitzari zegoela, izorra utzi zuena.
Lehenbiziko hitz tramitekoak gurutzatu orduko —nork ekarri duen, ez al dioten beste inori sartzen utzi—, bizpahiru aldiz agintzen diete gazteleraz hitz egiteko, eta horrek ere ez dizkie gauzak errazten.
—¿Y qué se dice por el pueblo?
—En el pueblo todos se acuerdan mucho.
Bizitzan izandako suerte txarraz kexatu omen zen, baina kapilauari hori. Amari “Euskadiren alde hiltzen naiz” esan omen zion. “Orain harro egongo dira nitaz”. Hori ere bai. Azkenik, hobe zuela etxera itzultzea esan omen zion, eta halaxe egin zuen, atarian, bezti zezaten, hariz bordatutako izara hoberenak utzi ondoren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario