Betaurrekoak kendu zituen eta, hatsa eman ondoren, mukizapi zimur batez garbitzeari ekin zion, arreta handiz. Zeinu hartan pazientzia ahitzen ari zitzaiola erakusteko gogoa ikusi zion Iñaki Abaituak. Hala ere, insistitzera ausartu zen: “Ez al zaizu iruditzen?”. Eta apaizak, “fedeak erabakitzen du”. Bigarren kristalari hats eman zion, arreta berberaz garbitzeko. “Gizon hori ahula zen”. Debilucho hitza erabili zuen. Iñaki Abaituak eztarria garbitu, eztula egin eta pauso bat bota zuen atzera, berri hari ihes egin nahian. Hitz eginaraztea hainbeste kosta ondoren, orain isil zedin nahi zuen. Atzera emandako pausoa aurreratu zuen, komunikazio gunea irabaziz berriro ere. “Nola ahula?” galdetzera ausartu zen. “Bai, fede ahulekoa, heziera erlijiosorik gabea. Ulertzen al didazu?”.
Iñaki Abaituak baietz erantzun zion lasaiturik, ulertzen zuela. Perpaus bakoitzaren amaieran ea ulertzen zuen galdetzen zion apaizak, ezer gehiago esan beharrik ez zegoela adierazteko, baina aldi horretan luzeago hitz egin zuen, bat-batean bere burua zuritu beharra izan zuelako agian.
Daniel Zabalegik aitortza onar zezan bere esku zegoen guztia egin zuela esateko premian sentitu zen. Nola, eskaintzen zion guztietan, hark gaua luzea zela erantzuten zion, izango zutela astia, eta funtzionarioekin kartetan jarraitzen omen zuen, eta arrapostu bera ematen ziola borondate onez —eta, bistan denez, funtzionarioek berezkoa duten zentzu praktikoz— aitortzeko animatzen zuen kartzelariari, sinesten ez bazuen ere, badaezpada, galtzekorik ez zuela eta. “Mutiko, ez duzu ezer galtzen. Inork ez daki zer dagoen gero”. Badaezpada, hobe lukeela, eta ez litzatekeela inor enteratuko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario