Hatz hareazkoak, arrotz zaizkionak, heriotzaren zuritasunak hartuta jada. Askotan esan ohi zion amari, “ofizinista eskuak jarri zaizkit”, hatz oraindik lodiak, baina lehen baino askoz zuriagoak —azazkaletan batez ere— airean erakutsiz. Esku haiek ez zuten dardarizorik izan bere zirkunferentzia perfektuaz izen-abizenak azkeneko aldiz inguratu zituenean. Horregatik, Iñaki Abaitua erabat harritu zuen kapilauaren azalpen hark, ahul samarra izan zela, alegia.
“Debilucho. Un hombre debilucho” esan zuen. Begi-bistakoa zen gizon hark ez zuela hitz egin nahi. Gurutze Gorriko kapilaua zen, eta bide batez kartzelan ere laguntza espirituala ematen zuen. Haren hitzak izan ziren, “ayuda espiritual”. Ez zuen hitz egin nahi, baina ez zen gai hitza argi eta garbi ukatzeko ere, bitarteko garrantzitsu batez iritsia baitzitzaion Iñaki Abaitua. “Ez dago ezer esatekorik” oldartzen zitzaion, “jende asko ikusi dut ospitalean hiltzen, eta normalean beren patua onartu ohi dute. Ez dut ulertzen zer interesatzen zaizun”. “Horixe, hain zuzen” erantzuteko puntuan egon zen, “patua nola onartzen den, heriotza naturaren erabaki itsua ez denean, baizik eta gizakien basakeriaren agindua”. Ez zuen harremanik hautsi nahi, ordea, zerbait jakiteko itxaropenez. “Fededunak kontsolamendu espiritualaren laguntza izaten du”. Hori esan zuen. Baina berak nonbait irakurria zuen, fededunek fedegabeek baino ikara handiagoa ziotela heriotzari. “Denetarik egongo da”, ihesi.
“Nolanahi ere, kristauak badu itxaropen handi bat. Badakizu?”. Badaki, noski. Hor ere bada arau bat; J.J. Lasak jakinarazi ziona, hain zuzen. Kübler-Ross-en paradigma, oker ez badago. Ukaziotik onarpenera arteko faseak. “Jakina, heriotzari denok diogu errespetua. Santuenak ere errespetua dio heriotzari”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario