Etxeko atarian bertan, miaketari buruzko deklarazioaren azpian egina zen lehenbizikoa, 1974ko azaroaren 27koa. Izuaren eragina baino gehiago, luma erabiltzeko trakestasunak deslerrotzen dizkio banan-banan taxututako letrak. Hurrengoa, 551 komandantzian, ziur asko hatzak artean minbera, baina kartzelarako bidean torturatik libratzearen pozez eginikoa. Ez edozein modutan egina. Denbora hartu du izen-deiturak argi idazteko, bere buruaz harro legokeenaren konplazimenduz, edo arretaz behintzat. Norbaitek izen-deitura horietan gizonaren aztarna aurkitu nahiko zuela jakin balu bezala.
Hurrengoak epailearen aurrean eginikoak dira, Solanatarrak zuritzeko adierazpenetan gehienak. Eskua egokituz doakio lumari, alaia da idazkera, jai eguna baita tramite eguna. Perfektua da izen-deiturak erabat inguratzen dituen elipsea, gero eta errazagoa taxuera, nabari da luma aise lerratu zela paperean. Bistan da izen-abizenak dotoreago jartzen saiatu zela, judizioaren garaikoetan batez ere, bi lerrotan kokatzen baititu, errubrikaren elipsea zirkunferentzia bilakatu delarik. Era horretakoa da azkena, hil aurreko gau luze hartan egindakoa. Danielen elea behera, eskuinetik ezkerrera eroria, azpiko Zabalegiren zetaren bila, eta lehenbiziko aldiz falta dira gainerako guztietan marra biribila gurutzatzen duten bi marratxo paraleloak, grafologoek diotenez nitasun ahula indartu nahia salatzen omen dutenak.
Hatz erakusleaz jarraitzen zuen, behin eta berriz, idazkera hura, 26tik 27rako gaueko aztarna ia bakarra, hala haren hatz izoztuak ukitzen zituelakoan. Edo hareazkoak. Gau hartaz idatziriko pasarte ezagunak dioen bezala: “Eskaintzen dioten luma hartzean, hareazkoak sentitzen ditu hatzak”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario