2011-03-23

353. pasartea

Ziur asko, txantxetan esan zuen; dudarik gabe txantxetan izan zen, baina ez zion halakorik adieraziko zukeen irribarre aztarrenik ikusi. Gainera, umore txarreko zegoela konturatu zen, hozkailua hutsik aurkitu zuelako. Horri buruz ere bromaren bat egin baitzuen, euskaldunak esentziak galtzen ari zirela, edo antzeko zerbait.
Atea ireki zuen. Ez zegoen inor. Hutsik baino hutsago, esango zukeen. Hori zirudien, hutsik baino hutsago, beharbada ate guztiak zabalik zeudelako, armairuetakoak ere bai, orobat kaxoiak. Norbait zerbaiten bila ibilia zela zirudien, baina hura ez zen bere aldrebeskeriaren ondorioa baino, ahaztua baitzuen garai bateko ordena eta garbitasunerako joera.
Atean iraun zuen une luze batez, zutik, sartzeko beldur bailitzan, azken porrotaren aztarna hezea galtzetan. Erantzi egin zituen, baina ez zuen aldatzeko lanik hartu, ezta jakarik kentzeko ere. Gerritik behera biluzik, mahai aurrean eseri zen, jite irrigarri hartan bere burua umiliatu nahian bezala. Azken fitxak begiztatu zituen. Sarritan hitzek alderdi berri bat erakusten zioten, inoiz ez entzunaren freskura, eta horri esker eutsi ohi zion lanari. Beste garai bateko kontua zen hura.
Kartoizko kaxak armairuan gorde eta, oharkabean, Daniel Zabalegiren sumarioa gorderik zeukan karpeta horia atera zuen. Desordenaturik zegoen, azkeneko aldiz, Julia agertu zitzaion egunean, erabili zuenetik. Paper guztien artean, Daniel Zabalegiren sinadura zutenak bilatu eta sailkatu zituen. Ez ziren asko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario