Bera “ez zaitez tuntuna izan” esatera zihoan atea itxi zuenean. “Ez duzu bide luze eta ilun hori bakarrik egingo” esatea pentsatu zuen, baina ez zion betarik eman. Martxan jarri zuen autoa, berriro pasatu, eta maldan behera abiatu zen. Lehenbiziko biran sartu baino lehen, etxearen kontra ikusi zuen, eta etxea ilargi biribil zuriaren kontrargitan. Herrian sartu, kale nagusitik igo, eta elizondoan itxarotekotan egon zen. Baina ez zuen hala egin. Errepidea hartu eta Donostiara jarraitu zuen, oso poliki gidatuz, iristeko gogorik gabe.
Zurriolara heldu zenean, etxean gelditu gabe, Kursaala gurutzatu zuen. Donostia argitasun hori zimel batean bildurik zegoen, kaleak urez distiratsu eta hutsik. Erdialdeko kaleetan ibili zen bueltaka, haragi triste eta fereka baldarrez mintzo zen kanta bat lagun. Azkenean etxeratzea erabaki zuen arte.
Ate aurrean, Eduardo Ortiz de Zarate barnean aurkitzea desiratu zuen. Bere ohean ikusi, egon ohi zen bezala, besoak buru atzean gurutzatuak zituela. Aspaldian ez zuen garai batean hura ikusteko kezkak eragiten zion zurrunbiloa sentitzen. Orduan bezala berandu sartu zen gau batean, ohean etzanda aurkitu zuen, egunkaria irakurtzen, irratiari poliziaren mezuketa etengabe hura zeriola, bere onetik atera ohi zuena, “J 20 para H 30, dígame si me escucha, cambio”, eta “a ze orduak etxeratzeko” esan zion, ama bailuen; amak esan ohi zion bezala, hain zuzen ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario