2011-03-23

351. pasartea

Poliki gidatu zuen, maldan behera, Juliak, parera iristen zitzaionean, geldiarazteko astia izan zezan. Beti itxita zegoen etxe handi eta bakarti baten parean atzeman zuen. Madrilgo Austriarren arkitekturan inspiraturik eraikia zen —edo da, bota ez badute—, eta burdinazko orratz luzea zuen gainean, arbelezko teilatu eta guzti. Bazuen aire beldurgarri bat, hori iruditzen zitzaion behintzat, beharbada Francorena zela esaten zelako; balizko ihes baterako eraikia omen zen, mugan eta itsaso ondoan. Juliak ere izutua zirudien etxetzar ilunaren parean. Aurrera okertuta zihoan, besoak bularrean gurutzaturik, hotzetik gordetzeko bezala, eta ibilera arindu zuen, zakurren zaunka zitalaren ihesi. Autoaren abiadura gutxituz, parean jarri eta haren pausora egokitu zuen martxa, geratzeko esango ziolakoan, baina ez zuen halakorik egin. Beraz, metro batzuk aurreratu eta bide bazterrean geratu zitzaion zain. Erretrobisoretik zaindu zuen gerturatzen, eta parera iristear, espaloi aldeko atea zabaltzera makurtu zenean, etxean leihoren bat pizten zela iruditu zitzaion. Erabat jiratu zen, ilargiaren eragina zela ikusteko. Arbelezko teilatuan zegoen islaturik, eta hura egiaztatzeak lasaitu egin zuen. Bere eserlekuan jarri zen berriro, Julia noiz sartuko zain, eta lepotik behera agertu zitzaion atea hartzen. Berehala jakin zuen ez zela sartuko, eta zer esango zion asmatu nahi izan zuen. “Oinez noa” esango zion; berak ere “oinez noa” esango zukeen. Eta hala gertatu zen. “Ez gaizki hartu, baina nahiago dut oinez” esan zuen atea itxi baino lehen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario