Kapitainak bi txalo jo dituenean, besteek solasak bertan behera utzi dituzte, eta zigarroak lurrera bota eta lokatzetan itzali. Zurezko kaxaren inguruan bilduz doaz astiro, eta handik fusilak hartuz, mauserrak, berak soldaduska egin zuenean Armadan erabiltzen zirenak. Ikuskizun horri ihesi, begiak altxatzean, txori batzuk ikusten ditu zeruan. Puntutxo batzuk dira sigi-sagan urruntzen; txirritxoak, pentsatzen du, bera txori kontuetan oso jantzia ez bada ere. Betroitzakoa zen txorizalea.
Atzera begiak jaisten ditu, eremu zabalera, adiskide baten aurpegia espero bailuen. Egoera hartan lagunduko liokeen begirada. Aurpegi ilunak besterik ez, ordea; berriro inoiz ikusiko ez dituen objektuak —jadanik ahaztu zaizkio izenak—; berriro loratzen inoiz ikusiko ez dituen arbolak; zeru grisean iparraldetik datozen hodei beltzak. Norabide horretan bilatzen du magnolia ezinezko baten hostoa, azken begiradaren euskarri.
Iñaki Abaitua ez zen mugitu, beraz. Bi leihatilak zabalduz, itsas haize hotza hartu zuen gosez, zigarro bat piztu baino lehen. Ezpainetatik kendu gabe erre zuen. Askotan egiten zuen horrela, eta, ahitutakoan, hortzez eta mihiaz baliatzen zen jaurtitzeko, eskurik erabili gabe, loturik bailituen. Lehenbizi ezpainak bustitzen zituen, papera itsatsita geratu gabe irrista zedin, eta gero putz eginez botatzen zuen. Ustez Daniel Zabalegik zutoinean bezala. Gero, zigarroa jaurti ondoren, motorra martxan jarri eta errepiderantz bideratu zen, auto isil eta sekretuen artean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario