Izan ere, gela barruan irautera derrigortzen baitu soslai hotz mutuak gordetzen duen sekretuaren lilurak. Era berean, ordea, izuak ihes egitera darama; izuak eta nazkak, zeren, botikak hartu dituzten gorpuez noizbait entzundakoa egia bada —eta makina bat hartua zen Ismael—, berehala hasiko baita usteltzen, negu gorriaren erdian dauden arren.
Negua baitzen. Txoritarako tranpak jarriak zituen elurretan, simaurrez estalita, artale tentagarria bistan utziz, eta zerbait harrapatu ote zuten ikustera joan zen.
Hil kanpaiak entzuten zituen, teilatuetan zehar irristatzen, astiro erortzen, eta nota grabeak bezain ikaragarriak ziren isilune neurtuak. Hala ere, eztarrian zuen larria askatu zioten, eta negarrez hasi zen, antsi egin gabe, keinurik gabe, malkoei libre isurtzen utziz; hasieran mantso, gero bizkorrago masailetan behera, eta ezpainetan haien gazia dastatuz.
Auzoko haurrak inguratu zitzaizkion, jakinminez so, eta Etxe Txikiko zaharrenak esan zion “zergatik egiten dek negar, ez huan hire aita eta”.
Edo “zertarako”. Eta ez zuen gehiago negarrik egin. Alferrik zela esaten zuen Ismaelek. Txikitatik jakin zuen. Tiobiboetako zaldi gainean bazekien jada. Barra kromatuari helduta, itzuli bakoitzean agur egiteko amaren aurpegia bilatzen zuenean beste bidaia baten promesa ikusi nahiko zukeenean —hark “buelta bat besterik ez gero” esan ohi zion—, bazekien itzuliak geldoagoak egingo zirela, mantsoagoak zaldiaren gora-beherak, eta txirrin zorrotz ozenak bidaiaren amaiera noiz iragarriko zain ematen zituen azkenak, etsipenez, lehenbailehen lurrera salto egiteko gogoz apika, gainerako umeek bozkarioa algaraka adierazten zuten bitartean.
—Ale, vamos.
No hay comentarios:
Publicar un comentario