“Pertsonaia itzaltsu agertu zitzaion, haren isiltasunak, marmolezkoa zirudien aurpegiak, ezohiko seriotasunez ukituta, harrokeria ez, baina solemnitate apala erakusten zuelako buruturiko ekintzagatik. Ordura arte ez baitzuen inoiz duintasun aire harekin ikusi, normalean Melillako soldaduskari buruzkoak kontatzen zituenean lortu ezin izaten zituen errespetuaz eta arretaz begiratzen zioten hainbat pertsonaz inguraturik”.
Amak begiak itxi zizkion, eta bera ere bereak itxi zituenean lasaitu egiten zela iruditu zitzaion. Berriro irekitakoan esku gurutzatuak ikusi zizkion maindire gainean, eta odolez zikinduriko burukoa kendua ziotela. Orduan, jarrera deseroso hartan geratzean, sudur zuloetan alanbrezkoak ziruditen ile lodi eta luzeak nabarmendu zitzaizkion. Hala ere, norbaitek “orain bakean dago behintzat gizajoa” esan zuen.
Apaizak ere bakea aipatu zuen latinezko errezoak xuxurlatzen hasi aurretik, eta murmurrak sabaiko lanpara inguruan zebiltzan eulien durunda zirudien. Agian horregatik, euliak handiak iruditzen zaizkio, eta guztietan erraldoiena, gero eta hertsiagoak diren zirkuluak eginez, zenduaren esku gainean pausatzen da. Hatz guztiak lotsagabeki inguratzen dizkion arren, eskuak geldirik irauten du, bestearen gainean zeharrez etzanda, etzanda baino gehiago erorita, haizatzeko mugimendurik egin gabe.
Ez du sukaldeko euli ugariak haizatzeko egiten zuen mugimendu hura egin; esku gainaz, oso nagiro, errebesez jotzekoa —akabatzeko gogorik gabe, izutzeko asmo hutsez, hain zuzen—, behiek isatsarekin egiten duten bezala. Eta Daniel Zabalegik une horretan ulertzen du Ismael hilda dagoela, ez duela inoiz gehiago deus esango, eta atzeraka egiten du, poliki, aurkako indar handi bat jasan behar balu bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario