Daniel Zabalegik ezker-eskuin eragin zion buruari berriro, ezetz esateko. “Harrokeriarik gabe”, esaten zaigu, hala egin behar zuela uste zuelako, filmetan ikusi ohi zuena, gizon bati zegokiona. Hobe duela jarri, kapitainak, Loretta Sheridani bezala, baina Daniel Zabalegik ezetz egiten dio berriro ere, hitzik gabe, buruaz, ez baitago ziur hitz egin nahi izanez gero ere lortuko ote lukeen.
Liburu orrikatu baten estanpak bailiran, haurtzaroko irudiak ikusten ditu iheskorrak eta bide batez zehatzak, memoriaren begientzat hainbat aldiz bisitaturiko oroitzapenak baitira. Zinemakoak: zalduneria, atabal eta turuta hotsean, protagonista libratzeko iristen zenean, eserleku azpian, halabeharrari errendituz, oinetakoak bilatzen zituenekoak. Pantaila zurian The End misteriotsua agertu baino lehen, bazekien, betidanik jakin baitzuen, amaiera luzaezina dela, ezinbestekoa igandearen ahitzea, eta negar egiteko gogo larria sentitzen zuen. Ez zen negarrez hasten, ordea, gizonek ez dutelako negarrik egiten, hala zioen Ismaelek, baina batez ere, bazekielako malkoak alferrik zirela.
Ismaelen heriotzan isuri zituen, hain zuzen, azkenak, eta hamalau urte zituen orduan. Ea zergatik negar egiten zuen galdetu zioten auzoko mutikoek. Edo zertarako.
Pasarte luzea da Ismaelen heriotzarena —”trantzea zaila eta neketsua iruditu behar izan zitzaion Daniel Zabalegiri” esaten zaigu hasieran—, eta begi-bistakoa da heriotza edozein egoeratan dela izugarria adierazteko astirotzen duela kontakizuna. “Ismaelek bere bizian eginiko gauzarik harrigarriena, amuarrainak tenedorez harrapatzea eta hamar litroko garrafoitik, esku bakar batez, ardoa zerbitzea kenduta”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario