Lehenbizi Daniel Zabalegi erdigunean lukeen arku bat egiten du, eta aurretik inguratzen zaio gero, lokatzaren erditik, zuzenean, botak zikintzeaz arduratu gabe. Bera da erabat uniformaturik dagoen bakarra, gerreraren hiru botoi gorenak askaturik badauzka ere, eta hiru domina erakusten ditu paparrean.
Bi pausora gelditzen da; bi zigarro ahora eraman, eta piztu egiten ditu. Gero kea irensten du, goseti, bi pausora beti, lokatzetan egoteaz arduratu gabe. Daniel Zabalegik azken pipada ematen dio ahokoari, egotzi baino lehen, ezpainetan puntaren errea sentituz jada. Ez duen tuaz baliatu behar luke botatzeko, eta ezpain erreetan erantsita geratzen zaio. Kapitainak kentzen dio, pauso bat aurrera eginez, zakarki ez baina azal zati batekin. Odolaren zapore gozoa nabari du, irrikatzen egon arren, eskaintzen dion zigarroa errefusatzeko, buruaz ezezkoa egitean. Badakigu zergatik: igandeetako meza garaian koruan erretzea galarazten zion arrazoi beragatik. Errespetu falta iruditzen zitzaiolako –ez luke jakingo esaten norekiko, bere buruarekiko ziurrenik– zigarroa ezpainetan hil beharra, eta momentua iritsitakoan, eskurik gabe eta ezpainak lehor, ez zuen jaurtitzeko gai izango zelako ziurtasunik.
Ezetz esan zion, beraz, burua astinduz, eta kapitainak zigarro hari ere pipada sakona eman ondoren, lurrera erortzen utzi zuen, lokatzetan zapaltzeko. Gero, zapi beltz bat atera zuen gerrera barrutik. Zapi beltz bat, harizkoa, bi muturretatik heldu eta airean bildu zuena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario