2011-03-23

345. pasartea

Bere ikara ere usain dezake, poro guztietatik dariola, umetan sentitzen zuen usain berbera, esku ahurrean tu egin eta azalbildu beltzak ateratzeraino igurzten zituenean. Hildakoena zela esaten zuen Betroitzakoak norberarena ez zirudien usain gozo eta bide batez mindu hura.
Eta erabateko argitasunez entzuten du, bere buruan sortua bailitzan, hosto urrunenaren murmurioa, eta ozena da apaizaren ahapekako errezoa eta ofizio liburuaren orri finen dardarizoa, denak entzun baititzake bihotzaren taupaden gainetik, bat-batean burmuinaren erdian milaka kristalen eztanda izugarria sentitzen duen arte.
Goardia zibilen kapitainak dei egiten dienean.
Dei informala. Txalo batzuk, hezetasun likatsuak moteltzen dituenak, maisu batek jolasorduaren amaieraz ohartarazteko joko lituzkeenen antzekoak.
Ale, vamos.
Bizpahiru aldiz, “ale, vamos” edo “venga, vamos”, baina ez dira bat-batean mugitzen. Isilik diraute, lehen aldi batean deiaz harriturik bezala, eta sakonagoa bilakatzen da bizitzaren arnasa, haizearen ziztua, hostoen astindua, ganaduaren marraka aspertua, apaizaren errezoaren errepika, eta ondorioz, ozenagoak egiten dira honen latinak, ozenagoa haizearen ziztua, hostoen astindua, ganaduaren marraka aspertua, errezoaren errepika, edo apaiza bera da latinak ozenagoak egiten dituena, naturarekin lehian, eta presatuagoak batez ere, irakurgai duen ofizioa osoki burutzeko astirik izango ote duen beldur bailitzan.
Grisa da apaizaren aurpegia, ezpainak ere bai, eta biziro mugitzen ditu errezoan datorkionean. Ezkerretik. Eskuinetik goardia zibilen kapitaina inguratzen zaio. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario