2011-03-23

341. pasartea

Magnolia ondoan zekusan, badia ilargipean seinalatzen, “zein ederra den, ez al zaizu ederra iruditzen?” esaten; aldi berean berak, Juliaren sentimenduen partaide izateko ezgai, ezin onartu zuelarik horrelako zerbait mihian. “Ederregia” adibidez, eta Julia isilik geratzen zen, bere begi hezeez so. Edo “kromo bat”, esango zuen, Unamunok bezala. “Fuenterrabía es un cromo en la tapa de España”. Unamunok exilioan, hantxe bertan, Bidasoa ertzean idatzirikoak irakurtzeari ekingo zion, auskalo zergatik, bera ere exilio berezi hartan gatibu.
Iñaki Abaitua ez zen eserlekutik mugitu. Faroaren kliska neurtuen mende, galduta zirudien. Jarreraz aldatzeko gauza ez zela, bustita sentitzen zituen galtzei ez begiratzen saiatzen zen, zauritutakoak zauriari ez begiratzen saiatzen diren bezala, zenbaterainokoa den egiaztatzeko unea atzeratu nahian.
Aurreko bi leihatilak zabaldu eta gosez hartu zuen itsas haize hotza zigarro bat piztu baino lehen. Ezpainetatik kendu gabe erre zuen, eskuak loturik bailituen. Sarritan egiten zuen hori. Fita hozkatu, ezpainetatik deserantsi eta tu eginez jaurtitzen zuen. Zailago da hori ezpainak haize hotzaren eraginez ebakita daudenean, eta ahoa izuak lehortuta.
Epinefrinaren hauts zuriak izerdia sortzen du ikararen eraginez, azala iheserako irristagarri bihurtuz, baina jario horrek ahoa lehortzen du. Ez pentsatzen ahalegintzen da, bere burua gauza ttikiekin betez, gero damutuko zitzaion gauzarik ez egiteko. Faroaren argi tarteak kontatu. Umetan, ez zekien zerbait galdetzen ziotenean —bekatu kapitalak, esaterako—, eskuak izerditan sentitzen zituen eta ahoa lehor, eta pentsatzea alferrik zuela etsita, edozer gauzatan jartzen zuen gogoa, Mirarietako Ama Birjinaren koroak zituen izartxoetan, adibidez. Edozer gauzatan. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario