Ezinezkoa zen, ordea, gorenekoen hegada libreari oztopo egitea, eta “ez dio axola, mon cher” esan zion mutikoari, “paperak besterik ez dira, paperak eta hitzak”, zeru urdinean altuena bilatzen zuela. Azkueren kontra idatzitako “horizonte” izatea gustatuko zitzaiola pentsatu zuen. Folio laurdenak, itzuli handi bat eginez, multzo handiena saihestu, eta altuera galdu zuen dardarka, aparkalekua inguratzen duen alanbrezko itxituran harrapatuta geratu zen arte. Libratu nahian hegoak astintzen zituen hegazti bat zirudien.
Mutikoari hori bera iruditu bide zitzaion, lasterka abiatu baitzen harrapatzera, eta eskura eman zion gero. “Merçi”, eskertu zion, eta “heriotza”, irakurri zuen. Gero, gainerako fitxez kezkatu gabe, pasealekurantz abiatu zen. “Heriotza. iz. (1596). Biziaren etena; giza bizitzaren bukaera, berezkoa (ik. hiltze) nahiz eragina (ik. hilketa). Ik. herio. Zuk bizia aukeratu zenuen; nik, ordea, heriotza”.
Hilabete bat lehenago orri haiek abandonatzea haustura garratzena izango bazitzaion ere, orduan ez zuen batere hunkitu. Egun haietan tratatu zutenek gogoan dute erantzun iheskorrak ematen zituela lanaz galdetzen zitzaionean. Hendaiara joan eta, sinbolikoki hizkuntzari alde egiten utzi zion puntuan, Bidasoaz bestaldera so egon, besterik ez zuen nahi.
Hendaiatik, Hondarribia maitatzen hasi zen. Maitatzea erabaki zuen, Juliaren sentimenduaren partaide izateko, eta damu zuen hura iraintzearren paisaiaren edertasuna mespretxatu izana, estetika ustez original eta aurreratuago baten izenean, zeinaren arau nagusia konbentzionala arbuiatzea baitzen. Funtsean, berekoikeria narzisista baten ondorioak zeraman, esklusiboki maitatua izan nahiak, besteak atsegin zuen oro gorrotatzera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario